| Bitartea trenbidea Bilbora heldu zen, eta Hiribildua garrantzitsu bihurtu zen ekonomia- eta finantza-gune bezala. Banco de Bilbao eta Banco de Bizkaia agertu ziren, eta mende amaieran Burtsa.
Hiriaren eta bere inguruaren aldaketa erabatekoa izan zen. Hedapen ekonomikoa ez ezik hirigintzakoa ere egon zen. Mende honetan Hiribilduaren proiekturik handienei ekin zitzaien, eta eraikin adierazgarri asko eraiki ziren. Bilbo, Abando aldera hazi zen, eta zabaltzeko lehen proiektuari ekin zion. Sortu ziren zumarkaleak, kale zuzenak eta pasealekuak, eta arkitektura berritutik Bilbo modernora pasa zen. Plaza Berria, gaur egungo Udaletxea edo Arriaga Antzokia, Parisko Operan oinarritutakoa, sinbolo berri haietako batzuk baino ez dira.
XX. mendearen hasieran Bilbo Euskal Herriko erreferentzia ekonomikoa, eta Estatuko garrantzitsuenetakoa bihurtu zen. Bere hazkunde izugarria eta kultur garapena Gerra Zibilak (1936-1939) eten zuen, baina gero berriz ekin zion aberastasuna sortzeari. Etorkin ugari etorri ziren Bilbora gorantza zihoan industrian lan egitera. Hiribilduko paisaia hiritarra eta industriala berriz aldatu zen eta azkar zabaldu zen; izan ere, hiritik atera eta ondoko udalerrietatik zabaldu zen Nerbioi itsasadarraren bi aldeetan, gaur egungo Bilbo Handia sortuz..
Hala ere, goren une ekonomiko izugarriaren ondoren, XX. mendearen hasieran siderurgia krisialdian erori zen, eta hori dela-eta hiriak bere garapen ekonomikoaren oinarriak berriz pentsatu behar izan zituen. Urte gutxitan Hiribilduak eta bere inguruko udalerriek industri birmoldaketari aurre egin behar izan zioten, baita bere ondorio negatiboak gestionatu ere.
Zenbait urtetan ziurgabetasun ekonomikoa nagusi izan eta gero, Bilbok dinamismoa berreskuratu zuen, eta zerbitzuetako hiria bihurtu zen, ingurumena birsortzen eta hiria hedatzen saiatuz. Antzinako industri lursailak kendu eta gero, Hiribilduak beste aldaketa bat izan zuen, eta gaur egun gero eta erakargarriagoa da bisitarientzat. Guggenheim Museo izugarria, edo Euskalduna Jauregia, Bilboren bokazio berriaren erreferenterik nagusiak bihurtu dira, eta hainbat leku berreskuratzen ari da hiritarren gozamenerako.
|